jueves, 14 de marzo de 2013

SÁLVAME DELUXE (Segunda entrega)

GILEN JAIO DA ETA BERE ATZETIK, BESTE BATZUK

Hau bai dela, esan eta jaio. Amak jarri zuen aurreko sarreran laster jaioko zela nire neba Gilen, ezta? Ba kasualidadez, azken sarrera hori eskegi zuen urriaren 29an.
Badakizue noiz jaio zen Gilen? Ba urriaren 30ean. Ematen du nire ama "erdi sorgina" dela. Ez, kasualitatea izan zen. 
Baina bai Gilen aurreratu zen 10 edo 11 egun. Ez zuen tripa barruan gehiago aguantatzen eta etxean poz-pozik hartu genuen berria. Egia esan, amatxuren haurdunaldiaren azken zatia luze egin zitzaidan eta askotan galdetzen nion amari ea Gilen noiz jaioko zen.
Ospitalean ere dena joan zen arin arin eta oso ondo. Eguerdirako jaio zen. Eta ni arratsaldean joan nintzen nire neba ezagutzera.

Hasieran pixka bat urduri sentitu nintzen Gilen ikusterakoan baina berehala pasatu zitzaidan eta gurasoek utzi zidatenez ikutzen eta abar, askoz lasaiago gelditu nintzen. Gainera, han zeuden opari pare bat niretzako (liburu bat eta erloju polit bat). Baina opari inportanteena zen hemendik aurrera etxeko nagusia izango nintzela eta nik lagundu beharko niela nire gurasoei Gilen zaintzen (egia esan, momentuz ez da oso lan zaila izan, beti umore onez dabileko txikitina).



Ezin dut ahaztu familiaren laguntza, Amatxu eta Gilen ospitalean egon zirenean eta baita ere, etxera etorri zirenean: Aita zoratutat hemendik hara, Tía Mari Carmenen etxean gelditu nintzen lo egiten, Amamak janariak prestatzen, Amamabitxi Esti, Asier eta Izarok, txiki parkera eraman nindutelako, eta guztiak orokorrean, bakarrik eskatu behar genuelako behar genuen guztia. MILA ESKER GUZTIOI!!




Gero, eskolara etorri ziren Ama eta Gilen, Andereño Eneritzek gonbidatuta. Horrela, aukera izan nuen nire neba aurkezteko nire eskolako lagunen artean. Oso esperientzia polita izan zen. Gainera, ni harro-harro sentitu nintzen.

Aneren gelan, 2012ko azaroaren 20an
 




Eta dakizuenez, ez da bakarra izan familian. Alde batetik, Andoni jaio da (urtarrilaren 17an), Araiaren neba, hau da, gure lehengusu berria.









Baina Haizeak ere neba bat izan du: Jon. Otsailaren 6an.
Ematen du mutil biak oso lasaiak direla eta ondo portatzen direla.  



Ikusten duzuenez, hainbeste aldiz pasatu naiz ospitaletik azken bolada honetan eta izan ere ez naiz galtzen. Dena egiten zait ezaguna metrotik irten bezain pronto. Bueno, ni ere han jaio nintzen!
Guztira, Gilen eta biok 6 lehengusu-lehengusin ditugu, adin guztietakoak, hobeto pasatzeko.

Ah, eta lagunen artean ere beste jaioberri bat izan dugu. Izarok, nire lagunak, nebatxo bat izan du. Oier du izena eta Gilenen adinekoa da. 



Momentuz hiru mutiko hauek txikitxuak dira baina laster elkarrekin jolasteko aukera izango dute.